Social Innovation Community (SIC) proiektuaren testuinguruan eta ikerkuntzari buruzko 2. paketearen barruan, Dortmund-go Teknologia Institutuak koordinatutako “Gizarte Berrikuntzari buruzko ikerketaren ikuspegia esploratzen” argitalpena aurkeztu da.

Txosten honen helburua gizarte berrikuntzaren ikerketa alor konplexua ulergarri egitea da, artikulu labur eta ez hertsiki akademiko batzuen bitartez. Hausnarketa hauek hobeto aditzen lagundu behar dute gizarte berrikuntzaren ikerketa, nola antolatzen den sare eta komunitateen bidez eta nola erlazionatzen den praktikarekin, Europako mugak eta ikerkuntza diziplinak gainditzen dituen gizarte berrikuntzako elkarte barneratzaile baten sorrera sustatzeko.

Txostenaren emaitzak gizarte berrikuntzan lan egiten duen eta modu dinamiko batean hazten ari den komunitate batean parte hartzeko aukera berrien bila dabilen edonork erabili ditzake.

Komunitatearen sorkuntzako prozesuak erakusten ditu txostenak, aztertzen ari diren alor tematiko guztietan, eta, bien bitartean, gizarte berrikuntza esparruan sakontzeke dauden beharrak azaleratzen ditu.

EHUk, Sinnergiak Social Innovationen eskutik, txosten honen garapenean parte hartu du Sektore Publikoko Gizarte Berrikuntzaren azterketa egin eta horri buruz idatzita.

Txostena ikusteko: Exploring the Research Landscape of SI

SIC proiektua

Social Innovation Community (SIC) proiektuaren helburua gizarte berrikuntzako aktoreen “sareen sarea” sortzea da, ikertzaile, gizarte berritzaile, herritar, politiko, bitartekari, enpresa, gizarte zibila, erakunde, alor publikoko langile, eta abarren identifikazioa, parte-hartzea eta loturaren bitartez. SICen helburua da«sare» deitzen diegun unitate tematikoetan sakontzea eta indartzea, euren arteko lotura berriak eraiki eta, horrez gain, orain arte gizarte berrikuntzaren esparruan barneratu edo onartu ez diren aktore eta sareen artean lotura berriak sortzea. Egungo sareetan oinarrituta, SICek gizarte berrikuntzan aurrera pausuak ematea du helburu, bere osotasunean, bai teorian eta baita praktikan ere.